Facebook Twitter

GLADYS

Balentria handiek zentzurik zuten garaietan bezala
proletarioek beren izana galdu dute. «Aldatu egin
dira!» esango dute soziologo baikorrenek. Linea
horiko bagoiak aldatzekotan direla irakurri dut
doako egunkari batean, errepidea noiz libratuko
esperoan nintzela. Ez da udaberria ailegatu oraindik
baina 80ko hamarkadako herrialde komunista
batean bizi naizela iruditzen zait estazio honetan
sartzen naizenero. Eta aurrera ekiteko kemena pizten
zait zenbaitetan halaber, gezurra badirudi ere, dena
ez baita horren dohakabekoa. Eta orduan Gladys del
Estalekin akordatzen naiz, nola Guardia Zibilak
garbitu zuen gupidagabeki 1979ko ekainaren 3an.
Eta jendeak kantatzen zuen: «Fuera yankees de
Navarra» eta eguzki antinuklearrak negar egin zuen
estreinakoz. Iragana ez da harro egoteko motibo bat,
eta orainaz, etengabe gorroto eta maita dezakegun
orain horretaz, zer esan? Zenbat bider ez ote dugu
exijitu bake apur bat? Bakea gaztetatik egotzi
dizkiguten arduretatik, galdetu gabe egokitu
dizkiguten zametatik. «Adiskidea», esan diot,
«egin dezagun minutu baterako baino gogoangarri
izango ez den ekintzaren bat». Serioski begiratu nau
eta zurrut epel bat eman dio kafeari. Ez du deus
erantzun. Eta beste behin alde egin beharrean, susmoa
eduki arren hori ilusio bat gehiago baizik ez dela
azkenean. Hiri honek bere mugak ditu, beste edozerk
bezalaxe. Bihar, elkar agurtuko dugu desertuko
errepide zatar batean. Parke eder batera joango naiz
eta, belarretan eserita, kargu hartuko diot munduari.


Beñat Sarasola,  Alea, Susa, 2009.
Fragments
C)
Aritz Galarraga
GLADYS
Aritz Galarraga
Ressenyes
Bibliografia
Buscador de autores
A-B-C-D - E-F-G - H - I
J - K - L - M - N - O - P - Q - R
S-T-U-V-W-X-Y-Z
Con el soporte de: